Pilotaren etorkizuna ziurtaturik dagoela garbi geratu zen Andoainen, igande arratsaldez. Etxeko pilotariek historia handiko kluba hartu zuten: Iruñeko Oberena. Eta kanporaketa ederra eskaini zuten. Orain arteko lehiatuena eta distiratsuena. Lehen bi partidak irabazita, bazirudien Oberenak egingo zuela aurrera, baina nagusien mailan eginiko lan onari esker ezustean Gaztelekuk lortu zuen finalerdietarako txartela. Orain, andoaindarrak Azpeitiko Ilunperen aurka jokatuko dute finaleko txartelaren bila. Ondorengoak izan ziren emaitzak.
KADETEAK. Mata-Cuairan 22-21 Alberdi-Elizegi
GAZTEAK. Garcia-Cordon 22-13 Matxain-Aizpuru
NAGUSIAK. Mayans-Etxegoin 10-22 Eskudero Erasun
Kadeteen arteko partida izan zen jaialdiko orekatuena. Oberenako Mata eta Cuairan faborito ziren Gaztelekuko Alberdi eta Elizegiren aurrean. Azken hori ordezko sartu zen, Osak min hartu duelako luzarorako, eta jakina zen horrek eragina izango zuela kantxan. Elizegik ongi kunplitu zuen, baina hasieran gehiago izan ziren nafarrak, eta aurretik joan ziren beti. Cuairanek ez zuen pilotarik galdu, eta Matak ederki ari zen errematean. Partida nafarrek aldeko dinamikan sartuta zegoen, eta 18-11 ere aurreratu ziren. Une horretan, pilota berarekin jarraitzea erabaki zuten gipuzkoarrek, eta asmatu zuten. Alberdik min egin zuen sakearekin, eta lehia berdintzen hasi zen. Hala, 21-20 aurreratu zen Gazteleku. Azken bi tantoak nafarrek egin zituzten, baina goraipatzekoa zen lau pilotariek emandako maila ona.
Puntu garrantzitsu horri esker, pentsatzekoa zen puntu erabakigarria gerta zitekeela gerora, gazte mailan ere faborito baitziren Garcia eta Cordon nafarrak, Matxain eta Aizpuru gipuzkoarren aurka. Pronostikoek ez zuten hutsik egin. Garciaren kolpeari eta Cordonen sendotasunari esker, Oberenak 22-13 irabazi zuen. Aizpuru Gaztelekuko atzelariak partida ona jokatu zuen, nagusi izan baitzen piloteoan, baina Matxainek ez zuen bere eguna izan, eta nafarrek ederki baliatu zuten hori. Garcia izan zen laukoteko onena.
Hortaz, Nafarroako taldeak aski zuen hamabi tanto egitea nagusien mailan. Bada, Mayans eta Etxegoin ez ziren horretarako gai izan, Eskudero eta Erasunen aurka. Gaztelekuko bikoteak erakustaldia eskaini zuen, hasieran batez ere. Erasunek sendotasun nabarmena erakutsi zuen, eta Eskuderok era guztietako tantoak egin zituen aurrean. Izugarri asmatu zuen, eta Gazteleku 15-0 aurreratu zen. Gero nafarrak esnatu ziren, eta emozioak gora egin zuen. 20-10 egon zen partida; beraz, bi bikoteek bina tanto behar zituzten finalerdietara sailkatzeko. Bada, azken bi tantoak gipuzkoarrek egin zituzten, eta 22-10 bukatu zen partida.