Igande goizez Hernanin jokatu bazen, arratsaldean Andoaingo Arrate pilotalekuak hartu zuen XIII. BERRIA Txapelketako kanporaketa. Hain zuzen ere, Gipuzkoako bi talde aritu ziren nor baino nor gehiago, Lazkaoko LAPKE eta Azkoitiko Oteiza, eta kolorerik ez zen izan. Goierritarrak nagusitasun osoa erakutsi zuten. Lehen bi partidetan bikain egin zituzten etxeko lanak, eta hirugarrenean ere ez zien ihes egin puntuak.
Hortaz, final-zortzirenetako Galdakaoko Adiskideren kontra neurtu beharko dituzte indarrak.
Ondorengoak izan ziren emaitzak.
OTEIZA 0 LAPKE 3
Kadeteak: Oteiza-Uranga 9; Ruiz de Larramendi-Baztarrika 22.
Gazteak: Oteiza-Azkoitia 3; Zubizarreta-Murua 22;
Nagusiak: Andueza-Labaka 20; Urretabizkaia-Zaldua 22.
Emaitzak adierazten duen baino gogortasun gehiago izan zuen kadeteen arteko partidak. Gipuzkoan maila onentsuena dute bi bikote lehiatu ziren, eta sendotasunari esker, puntua LAPKEk eskuratu zuen. Hain zuzen ere, Ruiz de Larramendik abiadura eman zion pilotari eskuinez, eta Urangak sufritu egin zuen. Oteiza haren aurrelaria saiatu zen laguntzen ahal zuen lekutik, eta erakutsi zuen gaitasuna duela pilotan egiteko. Baina nahi eta ezin aritu zen. Aurrelaria izan arren, Baztarrika seguru aritu zen atzeko koadroetan, eta Ruiz de Larramendik hautsi zuen partida. Puntuaz gain, tanteo ona eman zion bere taldeari.
Gazteen arteko norgehiagokan faborito garbiak ziren goierritarrak, eta argi eta garbi geratu zen zergatik. Euskal Herriko aurrelaririk onena da bere kategorian Zubizarreta. Dagoeneko profesional mailako enpresek ere begiz joa dute, eta ez da harritzekoa. Denetik egin zuen ongi: sakeak, pilotak eraman, atzelariari lanak erraztu, eta, batez ere, ezker airea baliatu. Arma izugarria dauka ezkerrean, eta min egin zien aurkariei. Murua atzelariaren laguntzarekin, erraz nagusitu zen Azkoitiko bikotearen aurka. Haiek nahi eta ezin aritu ziren erabat.
Hala, nagusien arteko partida hasterako erabakita zegoen guztia. Halere, jaialdiko partidarik erakargarriena eskaini zuten. Hasieran hobeto hasi ziren lazkaoarrak, eta aurretik ibili ziren. Ordea, tantoak igaro ahala, frontoiari neurria hartu zioten Anduezak eta Labakak, eta 20-13 aurreratu ziren. Anduezak tanto politak eskaini zituen aurrean, eta Labakak ere pilota gutxi galdu zuen. Ematen zuenean poltsikoan zutela garaipena, Urretabizkaiak pilota berria atera zuen saskitik, eta asmatu zuen. Abiadurari esker, azken hamaika tantoak jarraian egin zituzten Zalduak eta biek, eta 3-0ekoa ezarri zuten markagailuan.