XIV. BERRIA TXAPELKETA (FINALERDIAK)

Ilunpe

Asteburu honetan jokatuko dira XIV. Berria Txapelketako finalerdiak, Usurbilen eta Tolosan. Momentu honetan pilota munduan goi mailan dauden lau elkarte lehiatuko dira, eta bi onenek ondo merezita jasoko dute hilaren 25ean finala jokatzeko aukera. Bi kanporaketa erakargarri aurreikusten dira, eta pilotazaleek izango dute zer ikusia eta zer gozatua.

 

Besteak beste, igande goizez 10:00etan Usurbilgo plazan jokatuko da lehen kanporaketa, Pagazpe herriko taldearen eta Azpeitiko Ilunperen artean. Hiru partidetan oreka eta lehia gogorra espero da, eta ondorengo pilotariak izango dira partaideak.

 

ILUNPE – PAGAZPE

Kadeteak: Alberdi II.a – Unanue / Galarraga – Iruretagoiena

Juveniles : Alberdi – Egiguren / Exposito – Aranguren

Senior : Etxaniz – Murgiondo / Santxo – Gorrotxategi

Ziurrenik, kadeteen partida izango da aurrez bikote bat faborito aterako den bakarra. Ilunpe Alberdi II.a gaztea sasoi bikaina bizitzen ari da, eta Unanueren sendotasun bikaina baliatuta, bikote gogorra osatzen dute. Pronostikoak haien alde egongo dira. Hori bai, Pagazpeko Galarragak eta Iruretagoienak behetik gora egin dute azken hilabeteotan, eta gaitasuna soberan dute ezustea emateko.

Gazteen arteko partida lehiatua eta borrokatua espero da. Maila horretako lau pilotari onenetako bilduko dira kantxan, eta erakustaldia nagusituko da. Atzeko koadroetan Aranguren Pagazpekoak nagusitu beharko luke, Egiguren azpeitiar atzelaria baino indar gehiago duelako. Azken horrek, dena den, sendotasun izugarria erakutsi ohi du, eta ikusi beharko da zer gertatzen den. Aurreko koadroetan, Expositoren indarra eta Alberdiren teknika nor baino nor gehiago izango dira. Gehiago ez dago eskatzerik.

Nagusien mailan, azkenik, Pagazpeko Santxo eta Gorrotxategi apur bat faborito direla kantxaratuko dira. Azken urteotan afizionatu mailan nagusitzen ari dira han eta hemen, eta haien esperientzia eta pilotalekuaren ezagutza baliatuta, puntua eramateko hautagai nagusiak dira. Erne, Ilunpeko Etxanizek eta Murgiondok ere berme izugarria ematen baitute kantxan. Elkar ondo ezagutzen dute, eta ez dute tanto bakar bat ere merke salduko.

 

——————————————————————————————————

 

Erreka

Bigarren finalerdia igandean goizeko 11:00etan jokatuko da Tolosako Beotibar pilotaleku historikoan. Besteak beste, herriko taldeak Doneztebeko Erreka iazko txapeldunaren bisita jasoko du. Hasiera batean, badirudi nagusien arteko partidak erabakiko duela kanporaketa, eta hortaz, emozioak azkeneraino iraun dezake. Ondorengoak izango dira partidak.

 

ERREKA – TOLOSA

Kadeteak: Agirre – Loiarte / Goikoetxea – Etxeberria

Gazteak: Salaberria – Mariezkurrena / Zalakain – Auzmendi

Nagusiak: Onsalo – Gorriti / E.Labaka – Telletxea

Tolosa

 

Kadete mailan Tolosako Goikoetxea eta Etxeberria aterako dira faborito. Sasoi onean daude, iragan astean Lapkeren aurka erakutsi zuten bezala, eta olatu horri eustea aski izango lukete Errekako Agirre eta Loiarte menderatzeko. Azken horiek bikote ona osatzen dute, baina gauzak oso ondo egin beharko lituzkete ezustea emateko.

Alderantziz gertatuko da gazteen arteko norgehiagokan. Tolosako Zalakainek eta Auzmendik itxura duina eman dute Berria Txapelketan, baina gaur-gaurkoz, Salaberria eta Mariezkurrena Errekakoak baino pare bat koska beherago daude. Maila horretako bikoterik onena osatzen dute nafarrek; Salaberria aztia da aurrean, eta Mariezkurrenak edozein atzelarik baino joko hobea egiten du, konfiantzaz baitago. Hortaz, bigarren puntuak Donezteberako bidea hartu behar luke.

Gauzak hala, nagusien mailan erabakiko litzateke guztia. Esperientzia handiko bi bikotek jokatuko dute. Tolosako ordezkariak Eneko Labaka eta Telletxea izango dira, eta Errekakoak Onsalo eta Gorriti. Biek ala biek itxura ona eman zuten iragan astean, eta ikusi beharko da nor nagusitzen den. Piloteoan Telletxeak agintzeko aukera izango du, baina luzaro aritu beharko du kantxa barruan Gorriti menderatzeko. Aurreko koadroetan, Labakaren bizitasuna eta Onsaloren kasta lehiatuko dira. Ez da ikuskizunik faltako.

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE