XLVI. DINASTIA ETXABE PILOTA TXAPELKETA

Langile onenak ere erramintarik gabe ezin lanik egin eta hauxe bart Aitzurin ikusitakoaz atera genezaken ondorio nagusiena. Salaberria lagun, hamaika eta zazpi, lan erdiak egin eta markagailuan ordurarteko alderik haundina hartutako garaian, Aizpuruk erdizka ekarritako esku eskubia erabat hautsi eta pilotari eman ezinez benetako kalbario bat pasa beharra izan zuen Alberdi eta Garmendia hogeitabigarren tantora iritxi ziren arte, Alberdi berak eman zielarik galtzaileei hamabigarren tantoa sake bidez motzetxo gratutako pilota batekin markagailua 11-18 guztiz aldapaz gora zegoen garaian. Pena bat lau pilotariak jokatzen ari ziren maila altuko partidua une batetik bestera horrela hautsi izana eta ordurarte ematen ari ziren ikuskizun bikaina erabat bertan behera erori izana baita ere.

 

Hauexek jokatutako bi partidetako emaitzak:

 

1. IRIARTE-BALERDI….…… 22 / 9 LARRAÑAGA-CORDON

2. SALABERRIA-AIZPURU 12 / 22 ALBERDI-GARMENDIA

 

Gazte-jubeniletan garbi nagusitu ziren IRIARTE eta BALERDI: 2-0, 2-2 eta 3-3 berdintsu hasi ondoren 6-3, 9-4 eta 12-5 abantaila hartu eta 19-8 ihes eginik 22-9ko emaitzarekin irabazi zieten LARRAÑAGA eta CORDONi. Iriarte Larrañaga baino gehiago bainan Balerdi ere bai Cordonen aldean. Honek partidua orekatzeko atzekoadroetan nagusitzea ez lortzeaz gain pilota dezente galdu zuen, sei guztira eta sake restokoak hiru nahiz eta bikotelagunak airez bat baino gehiago kendu izan. Egindakorik ez iruñatarrak, ez eta ere aurkariak behartzeko moduan emandako pilotakadarik. Bere huts eta guzti atzetik ekartzen hobeto aritu zen pilota frankoari ematen baino eta ondorioz aurrelari bikotelagunari tantoa egiteko aukera gutxi sortarazi zion.

Lau tanto egin zituen Larrañaga herritar oikiarrak, bi ezker gantxoz, hirugarrena ezker airez txokoan dotore utzita eta laugarrena eskubiz botera pilota moztuta txokoan baita ere. Zortzi pilota galdu zituen nahiz lau erasoan izan, txapa jota bat eta gehitxo gurutzatutako erremateekin beste hiru. Defentsan ondo, sake restoan ere atzelariari airez pilota txarrak kenduaz nahiz eta bi pilota galdu. Berriz egin behar ez duen akats bat ere egin zuen Oierrek, aurkari aurrelariak bi botera jaso zuenaren ustetan epaileak ontzat emandako pilota errematatu gabe uztea. Bere pilotari izate dohaiak erakutsi zituen nolanahi ere eta maila hontako partiduak jokatzera ohitua ez dagoen 16 urteko mutiko batentzat ez dago gaizki.

Garaileen aldetik Gorka Iriarte azpeitiarra gustatu zitzaigun, aurrelari efektiboa, ez du asko errematatzen baina egiten duenean ondo, bizi eta norabide onean bidaliaz pilota. Aurkariaren opariak ondo aprobetxatu zituen eta min egin zuen aurrekoadroetan. Bederatzi tanto egin zituen, sakez bi, botera ezkerrez lau, ezker gantxoz bat, bolea eskubiz bat eta hormabiak jota ezkerrez azkena. Manex Balerdi antzuolarrak ondo lagundu zion, hasieran pilotara jartzea kostatu zitzaion pixkabat eta hiru pilota galdu ere bai baina hortik aurrera ondo nahiz eta hobeto egiteko gaitasuna baduen. Gorputzez bikain osatuta bi esku on eta takatekoa du, berezko kolpearekin pilota ikutu eta indarrez bueltarazten duen horietakoa gozatzen ez duenean ere. Saiatzen bada egingo du pilotan.

 

Sarreran aipatutako 23 urtez azpiko partidura bueltatuz Aizpuru nahiko galtzaile hasieran, eskubiarekin jotzen zuenean pilota ezin gozatuz eta trapu dezente zeramala antzemanik. Horrela gauzak 0-4 galtzen jarriak, baina asteasuarra gero eta konfiantza gehiagorekin pilotan jokatzen hasi eta Salaberriaren laguntza ezin hobeagoarekin 2-5, 5-5, 6-6 eta 11-7 aurreratuak norgehiagoka irabazteko zer egin behar zuten bazekitela. Egiteko gai izan behar ordea eta sobrarik gabe ekarritako esku eskubian pilota batek ziztadaren bat eman nunbait Aizpururi eta behar bezela pilota ezin jorik lau galdu jarrian eta 11-11. Ikusiak ikusita Garmendiaz gain Alberdik ere bere jokoa Aizpururi kargatu eta honek ezin, bata bestearen atzetik galduaz pilotak Alberdi sakez motzegi geratu zen arte hemeretzigarren tantora bidean. Salaberriak zerbait egin nahian pilota aldatu baina Alberdik sotamanoz bere sakeari erantzun eta lehengo bidera gauzak, eta horrela hogeitabi eta hamabi nagusitu eta aurrefinaletara pasatuak Alberdi eta Garmendia.

Bakoitzaren lana aipatuz Jon Alberdi azpeitiarrak lau tanto egin zituen eta hiru galdu, erasoan ere ausart baina defentsan ezin hobeto atzo pilota oso zailak jasoaz. Beñat Garmendia berriz zortzirenetako partiduko hildo berean, ezker eskubiz pilota dantzatu eta aurrelariaren jokoa ondo babeztuz, pilota onak eskatu eta txarrak jasotzeko beti prest egonik atzean. Hiru pilota galdu zituen.

Iker Salaberria iazko txapeldunak finalaurrekoetara pasatzeko aukerarik izan etzuen arren horretarako gai dela garbi erakutsi zuen atzo ere. Aizpuruk lagundu zion bitartean asko jokatu zuen pilotan, ondo kolokatua kantxan eta galdu gabe ezkerrez bezela eskubiz mugituaraziaz pilota botera bezela airez. Aparteko abiadurarik gabe baina pilota aurkaria ez dagoen lekura bidaliaz zuloak egiten daki jarraian tantoa egiteko. Ez da kokiltzen kantxan eta gauzak ondo egiteko gai denaren konfiantza nabaritzen zaio eta horrek ziurtasuna ematen dio bikotelagunari aurkariei errespetoa bezelaxe. Sei tanto egin zituan eta hiru galdu baina hauek partiduaren bigaren zatian behartutako pilotakin.

Julen Aizpuru. Nahiz eta eskuin eskua etzuen bere onenean ekarri atzelari batek pilotan nola jokatu behar duen erakusteko gai izan zen partiduaren lehenengo zatian. Berezko dotoretasunez gain buruz eta maixuki jokatzen du pilota mugituaraziaz zuloa dagoen lekura. Ezkerrez bai baina eskubiz ezin zuenez ohi bezela atzeratu pilota atzo, ahalegindu zen dejada eta aurrean moztutako pilotakin aurkariei min egiten, zabaletik zabalera regla bezain zuzenago botatako pilota batekin tanto eder bat eginaz.

 

Datorren ostiralean Abuztuak 11 izango da laurdenetako azken jardunaldia 22:00tatik aurrera:

 

1. Gazte-jubenilak….: OSA-GASKUE….……………… / AGIRREMALLOA-ETXEBERRIA

2. 23 urtez azpikoak: LARRAÑAGA-ARANGUREN / ZUBIZARRETA-IRURITA

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE