XLVI. DINASTIA ETXABE PILOTA TXAPELKETA

AGIRREMALLOA-ETXEBERRIA eta ZUBIZARRETA-IRURITA bigarren bikote finalistak, uste baino askoz errezago irabazita gazte-jubenilak eta guztiz alderantziz berriz hogeitahiru urtez azpikoak, asko egin eta gutxi galduaz txapelketako bikoterik sendoenetakoa izaten ari dela frogatuz. Hauexek emaitzak:

 

  1. 1.     IRIARTE-BALERDI……….. 9   /  22 AGIRREMALLOA-ETXEBERRIA
  2. 2.     ALBERDI-GARMENDIA 13  /  22  ZUBIZARRETA-IRURITA

 

Hstoria gutxiko norgehiagokan 0-8, 4-8, 5-18, 7-18, 8-21 eta 9-22 garbi nagusitua AGIRREMALLOA-ETXEBERRIA bikotea, bakoitzak egindako lan onagatik baino aurkariak emandako erreztazunengatik gehiago orduerdira iritxi gabeko partidu azkar batean. Josu Agirremalloa markinarrak lau tanto egin zituen: zabalean botera moztutako pilota batekin bat, ezker airez txokoan utzita bi eta gantxoz zabaleratuz laugarrena. Galdutakoa bakarra. Ekain Etxeberriak bi pilota galdu zituen eta hiru egin: atzera luzatutako batekin bat eta aurrean jokatutakoekin bi, bat hormabikoz txokotik zabaleratuz eta moztuta zabalean bertan utzita bestea. Suelto eta konfiantzarekin jokatuz finalerako garantia bat izan daiteke oiartzuar atzelaria. Galtzaileen aldetik nabarmentzekoa Manex Balerdik egindako partidu kaskarra, atzelari batek behar duen ziurtasun minimorik erakutsi gabe pilota asko galdu zuen: sakea jasotzen sei eta zailtasun askorik gabeko beste seikin hamabi. Pilota frankotara ere garaiz iritxi ezinda, eta besoa luzatuta jo beharrean hau kuzkurta dela kolpea behar bezela erantsi gabe, bere potentziaren erdirik etzuen eman antzuolatarrak. Gauzak horrela aurrelari Gorka Iriarte nahiko salduta eta aukera askorik gabe egia esanda, baina bikotelagunaren zuloa ikusita honena tapatzen eta tantorako aukerak izateko aurrez egin behar izaten den jokoa egiten gehiago ahalegindu ez izanaren errudun ere bai behar bada. Nahiko hotz eta motel samar ere bai pilotari emateko garaian bart azpeitiarra, behar hainbat jokatu gabe partidua amaitu zitzaiona oharkabean azkenik. Bost tanto egin zituen, ezker airez txokoan bat, botera ezkerrez txokoan eta zabalean bana, atzera luzatuz ezkerrez bat eta zabalean moztuta azkena. Galdutakoak lau eta hoietako bat sakeari erantzun nahian.

 

Beste kontu batzuk bigarren partidukoak, bi atzelarien artean batik bat hasiera hasieratik tanto luze eta gogorrak jokatuz nahiz tarteka aurrelariak ere laguntzera pasatzen ziren aurrekaldean tantoa egiteko gustoko pilotarik aurkitu ezin eta. Orain artekoetan ez bezela Iruritaren hasiera indartsu bati esker eta Zubizarretaren aurrekoadroetako eraginkortasunarekin aurreratuak gerriko urdindunak 0-4, 1-5 eta 2-6, baina Garmendiak tipi-tapa bere lur sailak eskuratzen joanik aipagarriak Alberdik egindako bi tanto: jokoan sartu eta atzera luzatu ondoren txokora moztu eta hormabikoz egindako 3-6koa, eta alderantziz txokora moztu aurrena eta ondoren hormabikoz egindako 4-6koa. 5-6 eta 6-7 tanto bakarrera urreratuak zeuden garaian esanguratsua Alberdik berea zen pilota bat atzelariari utzi eta partidua berdintzeko aukera galtzeaz gain bera ere pixkabat partidutik atera izana, geroxeago behar bada tantoa egiteko aukerarik honenetarikoan goitik behera boleaz txapa azpira nabarmen botatako pilota batekin bezelaxe. Garmendiak garai honetan izan zuen bajualdi txiki batekin eta aurkarien akatsik gabeko jokoaren eraginez markagailua 6-12 erakusten zuela jarria aurreraxeago. Artean Garmendia jokatzeko egon ordea eta Alberdiren laguntzarekin 8-12 lau tantora urreratuak, eta hirugarren pilota bat atera eta aurkarien jokoa hausteko ahaleginak egin bazituzten ere 9-16, 12-19 eta 13-22 garbi nagusituak azkenean Zubizarreta eta Irurita. Atzo ere ofizioz eta broma gutxirekin pilotan nola jokatu behar den erakutsi zigun bikotea, partidutik inoiz atera gabe zintzo demonio lana eginaz, pilotarik galdu gabe edo gutxi behintzat, eta sortutako aukerak aprobetxatuz. Zubizarretak zortzi tanto egin zituen, ezker airez txokoan pilota utzita hiru, ezker gantxoz beste hiru, sakez bat eta atzean azkenekoa. Galdutakoak bi eta biak erasoan. Iruritak berriz hiru pilota galdu baina beste hiru tanto egindakoak ere bai, bi atzean bazterreratuz eta ihes egindako pilota batekin hirugarrena. Birenak batuta hamaika egin eta bost galdu. Lan asko egin behar hauei irabazteko!

Jon Alberdik Zubizarretak hainbeste tanto egin zituen, zortzi, baina zazpi galdu eta markagailuarentzako balio berdinekoak izan biak. Egindakoetan botez ezkerrez jota txokoan bat eta zabalean hiru, hormabikoz bi eta atzera luzatuta beste biak. Galdutako zazpitatik lau erasoan eta bat sakea jasotzen airez. Beñat Garmendiak etzuen tantorik egitea lortu eta lau pilota galdu zituen, hoietako bi sakea jaso nahian. Txapelketa ona egin du beasaindarrak, aurrelaria ondo babestu eta ezker eskubiz pilota ondo gozatu ere bai. Aurreko bi partiduetako langa mailak pasatuak izanik atzokoa zen zelai onera pasatzeko gainditu beharreko azkenekoa, altu xamar ere bai eta pasa gabe geratu zena.

 

Beraz eta iragarrita bezela, datorren ostiralean Abuztuak 25 final egunean 22:00tatik aurrera txapelen bila lehiatuko diren pilotariak:

 

  1. 1.     Gazte-jubeniletan….: EGIGUREN-OLIDEN  /  AGIRREMALLOA-ETXEBERRIA
  2. 2.     23 urtez azpikoetan: EGIGUREN-BIKUÑA  /  ZUBIZARRETA-IRURITA

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE