Xorro-xorro, ziria sartuz

Kontrakantxatik x Juan Inazio Zulaika, Berria
Niri ez esan eskupilotak ez daukala xarmarik, berezia ez denik. Erreparatu bestela zer egiten duten pilotari batzuek, entzun erbien belarri handiekin zer dioten eta nola esaten duten. Pilotariek ez baitute gehienetan ezer esango eta esaten dutena deszifratu egin behar, nahasmena sortzeko baita, kontrarioari ziria sartzeko jokabidea.

Zoaz frontoira pilota hautaketaren egunean. Nekez aurkituko duzu guztiz gustura pilotaria. Aurkariak aukeratutakoak «jubenilenak» direla esango dizu; bestea, berriz, «zaharrak, gastatuak» direla esanez kexu azaltzen da. Hiru aste baino gehiago jokatu gabe eman duen pilotaria, ezker eskua hila duela azalduko da plazan, misterioa. Ondorioz, «ni bekatari» errezatu baino, alderdi guztiak «zu bekatari» errezoan. Iaz sasoi betean zenak, aurten besoa ez daukala puntu-puntuan, azkenean mundu osoa jarri arte besoa ez daukala ondo esaka.Edo larrua bueltatutako pilotekin jo eta ke entrenatzen ari zenaren kasua, galde iezaiozu zergatik eta zenbat denbora aritu den Aspekoek horren gustuko duten material klasearekin, aingiraren buztana baino labanagoa den erantzuna jasoko duzu. Luza iezaiozu galdera bera bere botileroari, azeri zaharraren irribarreaz erantzungo dizu.Halakoxea dira batzuek eta niri gustatzen zait bai-ez, xorro-xorro, negar eta ezkutuko jokabide horrek, berezitasuna ematen diolako kirolari. Elkarri ziria sartu nahi nondik sortua den jakiteko. Erbien antzera belarri handiak jaitsi behar soinuaren jatorriaz jabetzeko.Azeri jokabidearen arrazoiak ulertzeko ez da ahantzi behar pilota ere euskal herri-kirolaren arboleko adar bat dela. Eta herri literaturan aditua den Antonio Zavalaren arabera: dena ez da larrosa kolorekoa herri-kiroletan. Alderdi txar eta ilun alegia. Xorro-xorro, ziria sartu nahi «txar» eta «ilun» adarrari eroritako hostoak dira inongo kalterik egiten ez dutenak eta, desagertuko balira, mundu-molde bat desagertzearen seinale.Herri-kirolen alderdi onak eta txarrak aztertu zituen Jose Maria San Sebastianek ere Latxaga izenordez ezagunagoa, Euskal sena liburuan. Herri-jolasetan, nor den azkarrena erakutsi behar. Baietz-ezetz horretatik sortzen da dema, apustua. Hortik sortzen dira alderdi «txar» eta «ilun» guztiak. Eskola berezia nola sortzen zen herri-kirolen barruan jakiteko: «Apustua zerratu aurretik taberna batean elkarrengana bildu eta bi aldeak han hortaz ziren xehetasun eta baldintza guztiak eztabaidatzen, batean amore eta bestean gogor eskatuz».Neurketen atariko jokabideak garrantzi handia duela, Keixeta aizkolari famatuak zioen: «Apustua txamarra kenduta egin behar da, txamarra kendu gabe irabazteko». Norgehiagoka giro sutsuak zera ekarri omen zien herri-kirolei: azpikeria eta azpijokoa. Segalariak, belardian harriak astinduz; aizkolariak egurren neurriak aldatuz… Irabazteko irteera aurkitu behar, «isiltasun osoan».Xorro-xorro, ziria sartuz etekinak eman izan ditu herri-kiroletan, begira zer kontatzen duen Leon Albeniz Iruntxiberri korrikalari ohiak Nere berriketa eta aitortza liburuan: «Horrela nenbilela, berriro apustu txar bat egin nuen. Frantzisko Aldaregia etorri zen nire bila; apustua egingo lukeela, bentajaz arreglatuz gero. Lehenago ere honela engainatuak zituen, eta niri gauza bera egin zidan. Negar egiten oso ondo zekien apustua lotzeko garaian. Ez zen harro jarriko. Umil-umil, bere aurpegi tristea erakutsiz, hortxe engainatzen zintuen».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE