Ostiralean arratsaldeko 19:15etatik aurrera XV. Berria Txapelketako hirugarren kanporaketa jokatuko da, estreinakoz Zeanurin, etxeko taldearen eta Oñatiren artean. Besteak beste, bi pilota elkarteak dira berritasunak txapelketa honetan, eta bizkaitarrak faborito aterako dira, batez ere lehen bi mailatan dituzten bikote indartsuengatik eta nagusietan duen esperientziagatik.
ALOÑA MENDI – JOKO ALAI
Kadeteak : Azkarate – Loiti / Erkiaga II – Emaldi
Gazteak : Perez – Perez / Urigoitia – Erkiaga
Nagusiak : Biain – Eskalero / Mendia – Beobide
Kadeteetan oso bikote indartsua dauka Joko Alai etxeko taldeak, Erkiaga II.a eta Emaldi egungo Euskal Herriko txapeldunordeak baitira. Erkiaga oso polita da aurreko koadroetan, eta Emaldik ere sendotasunez jokatu ohi du. Ezusteko handia egon beharko luke Oñatik irabazteko.
Antzerako zerbait gerta daiteke gazte mailako partidan ere. Joko Alaik bikote indartsua du, eta Erkiaga atzelaria da etorkizun gehien duen pilotaria. Oso polita da ezker eskubi, eta Aloña Mendikoek gauzak oso ondo egin beharko dituzte sorpresa emateko.
Ziurrenik, nagusiko mailako neurketa aurreikusten da orekatuena eta gogorrena, baina hemen ere bizkaitarrak aterako dira faborito. Beobide esperientzia handiko pilotaria da, bere garaian Asegarcen ibilitakoa, eta Oñatiko gazteek asko jokatu beharko dute pilotan hura menderatzeko.
Igandean goizeko 11:00etatik aurrera laugarren kanporaketa jokatuko da Hernaniko Udal pilotalekuan, eta azken orduko berritasun bat izango da. Izan ere, Zaratamoko Upo Mendi elkarteak txapelketari uko egin dionez, Errenteriako EPLE taldeak hartuko dio tokia. Gauzak oso ondo egin beharko ditu Ultzamako Buruzgain mendean hartu nahi badu.
BURUZGAIN – EPLE
Kadeteak : Lopez de Zubiria – Elizondo / Migeltorena – Camara
Gazteak : Diez de Ulzurrun – Arze / Erostarbe – Aranburu
Nagusiak : Larunbe – Sarasa / Jauregi – Aranburu
Kadeteen arteko partida orekatua eta gogorra espero da. Lau pilotariak, hasiera batean, maila berdintsukoak dira, eta urduritasunari ondoen eusten dionak asko izango du irabazita.
Gazteen kategorian oso faborito aterako dira Diez de Ulzurrun eta Arze nafarrak. Errenteriarrek esperientzia gutxi dute maila honetako partidetan, eta baliteke puntuak Nafarroarako bidea hartzea.
Azkenik, nagusien lehia izango da orekatuena eta erakargarriena. Afizionatu mailan tokia egin duten lau pilotarik neurtuko dituzte indarrak, baina baliteke apur bat faborito ateratzea Larunbe eta Sarasa. Azken hori begiz joa dute enpresa profesionalek, baina gauzak zail jartzen saiatuko dira Jauregi eta Aranburu. Azken hori txapeldunorde geratu da Euskal Herriko txapelketan.