Yvesek agintzen jarraitzen du

Xalak eta Elkorok Gernikako Torneoko finala jokatuko dute Agirre-Beloki garaitu ondoren (22-11)

I.M. / Berria

Xalak udako eta udazken hasierako pilotari erabakigarriena dela erakutsi zuen, berriro ere, igande arratsaldean jokatu zen Gernikako Torneoko lehen finalerdian. Bertan, lekuindarra eta Aitor Elkoro 22-11 nagusitu zitzaizkien Imanol Agirre eta Ruben Belokiri.

Halere, Asegarceko bikoteak ondo ekin zion partidaren hasieran. Belokiren kolpeak ez zion Elkorori gozatzen utzi eta Xalak nahi baino gehiago atzeratu behar izan zuen jokoan sartzeko. Zortzikoa markagailuan eta itxaropena harmailetan. Baina partidak aurrera egin hala, atzeko lehia parekatu eta Xala gero eta erosoago hasi zen jokatzen. Handik aurrera buruz buruko txapeldunordeak airez sartzeko izan zituen aukera guztiak baliatu zituen. Bere sasoi onenean ez dagoen Agirrek, bitartean, ezin izan zion Lekuinekoari aurre egin. Azkenean, Xalak 14 anto egin zituen.

Lau t’erdiko txapelketaren aurkezpena

Heldu den ostiral eguerdian aurkeztuko dute aurtengo lau t’erdiko txapelketa. Aurtengoak iazkoaren egitura bera izango du, eta iazko sailkapena errespetatuko dute zerrendaburuak hautatzeko; Nagore, Titin III.a, Capellan eta Beloki alegia.

Halere, ez dute sailkapena bere osotasunean errespetatuko, iaz lehen kanporaketa igaro zuten Kokak eta Berasaluzek kanporaketa aurrekoa jokatu beharko dutelako, bihar, Atarrabian.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE