Zaila erraz

Olaizolak II.ak bere hautagaitza oso sendoa dela berretsi du, Nagore txapelduna mendean hartuta

ENEKOITZ TELLERIA / Berria

Ez du ederra izan behar! Kontrarioak nola jokatzen duen jakin, haren jarduna horren ongi ezagutu, horren ongi definitu, eta aurre egiteko gai ez izatea. Aurrez esandako guztia betetzen ari dela ikusi, eta kontra nola egin ezin asmatu. Jorge Nagoreri gertatu zitzaion atzo hori, eta aldageletara bidean eraman zuen aldarteari erreparatu besterik ez dago benetan etsigarria izan behar duela ohartzeko, edonor apurtzeko modukoa. Jorge Nagoreri Aimar Olaizolaren jokoari buruz galdetu zioten pilota aukeraketa egunean, eta zera esan zuen hitzez hitz: «Pazientzia asko dauka. Kontrarioa estu hartzen saiatzen da beti, hura nekarazten. Pilota lau t’erdiko arrastoan erabiltzen du askotan, eta tantoa amaitzen du aukera duen bakoitzean». Eta nola irabazi zion atzo Aimar Olaizolak Jorge Nagoreri? Pazientzia askorekin jokatuta, kontrarioa estu hartuta, nekarazita, pilota lau t’erdiko arrastoan behin eta berriz jarrita, eta aukera zuen bakoitzean tantoa amaituta. Galtzaileak iragarri eta irabazleak bete.

Zaila erraz. Hori egiten du Aimar Olaizolak. Zaila baita kantxan horren ongi jartzea, neurriak horren ongi kontrolatzea, bere buruari horren ongi eustea, eta une bakoitzean erabaki egokiena, aproposena hartzea. Zenbait tanto gogor jokatu ote ziren atzo, zenbait aldiz tokatu ote zitzaion Aimarri batera eta bestera ibiltzea… Noiz galdu zuen tokia? Noiz galdu burua? Behin bakarrik ere ez. Horrenbestarainoko konfiantza du uneotan, horrenbeste sinesten du egiten duen horretan… Unerik larrienetan ere luzatu egin zuen tantoa askotan, eutsi, kontrarioari egiten utzi (itxuraz), eta pilota egokienaren zain egon, lehen kolpean tantoa zitaldu eta bigarrenean bukatzeko. Tamaina horretako kontrario baten aurka pazientzia eta tokia galtzea ez da harritzekoa. Ezta lau t’erdiko txapeldunarentzat ere. Zer egiten ari zitzaion aldez aurretik jakinda ere, Nagorek sekula ez zuen topatu aurre egiteko formularik. Sakez ez zuen minik egiten, luze jota kontrarioak jotzen zuen luze, motzean hasita kontrarioak motz, eta tantoa bukatzen hasita kontrarioak bukatzen zuen tantoa askotan, edo Nagorek berak galtzen zuen alferrik aukera. Horretan atzokoaren beste giltza: bost tanto Nagorek eginak, hamahiru Olaizolarenak.

Horrek guztiak argitzen du zergatik bukatu zen 8-22, ordubete baino gehiago iraun eta 390 pilotakada izan zituen partida. Aimarrek berak esan zuen partida bukatuta: «Tantoa luzatzea gustatzen zait, eta aukera daukadanean bukatu». Zaila erraz.

Barriolaren eta Xalaren txanda gaur, Eibarren

Finalerdietako ligaxkako bigarren partida gaur arratsaldean jokatuko dute Abel Barriolak eta Ives Salaberri Xala-k, Eibarko Astelena frontoian (18:00, ETB1). Iragarpenak han Barriolaren aldekoak dira, baina zalantza dezenterekin, Xala edonori ezustekoa emateko gai baita. Sekula ez dute elkarren kontra jokatu, eta horrek oraindik duda-muda gehiago sortzen ditu iragarpenak egiterakoan. Ikusmin handia sortu du lehiak.

NAGORE 8

OLAIZOLA II.A 22

Iraupena: Jokoarena: 20:30. Partidarena: 1:07:48.

Pilotakadak: 390.

Saketik: Jorge Nagorek bakarra. Aimar Olaizolak bakarra.

Pasak: Jorge Nagorek behin gainditu zuen lau t’erdiko arrastoa. Aimar Olaizolak birritan.

Markagailua: 0-5, 1-5, 2-5, 2-6, 2-8, 4-8, 4-9, 4-14, 5-14, 5-15, 6-15, 7-15, 7-16, 8-16 eta 8-22.

Egindakoak: Jorge Nagorek bost. Aimar Olaizolak hamahiru.

Galdutakoak: Jorge Nagorek bederatzi. Aimar Olaizolak hiru.

Bestelakoak: Iruñeko Labrit frontoia gainezka egin behar batean. Dirua Olaizola II.aren alde. Jaialdiko lehenengoa, gogorra. Beloki anaiek irabazi zuten, Bengoetxea VI.a-Otxandorenarena kontra (22-16).

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE