Zalantza eta opari gehiegi

Martinez Irujok eta Lasak gogotik egin behar izan dute lan, Leiza eta Ruiz mendean hartzeko

IMANOL MAGRO / Berria
Sanmateoetako feria ez da ondo hasi. Iragan igandeko partida kaskarra izan bazen, atzokoa ez zen askoz hobea izan. Partida estua izan zen, tanto luze eta lehiatuekin. Bigarren zatian, baina, hutsak tanto onak baino gehiago izan ziren eta Adarragako zaleak aho zapore txarrez irten ziren frontoitik. Leiza, Irujoren aurka jokatzeak beldurtu izan balu bezala, ez zen tantoa bukatzen ausartu, eta Ruizen agintea ezerezean gelditu zen. Lemoakoak ezin izan zion presioari eutsi, eta ez zituen aukerako pilotak baliatu. Partidako onena Oskar Lasa izan zen, eta bere segurtasunak garaipena ziurtatu zuen.

Logroño zezenketa feria atzo hasi zen, eta bere eragina Adarragako harmailetan nabaritu zen. Ikusleek atzoko partidari ez zioten traza onik hartu nonbait, eta ez ziren erratu. Hasiera orekatua izan zen, tanto sorta ugarirekin. Ruizek hotz ekin zion partidari, eta pilotakada on batzuk askatu bazituen ere, Aspekoen bikote lanak lehen tarteak ireki zituen (7-11). Lehen zatian Leiza aritu zen erregularren, eta Ruizek errebotean sarturiko pilota batek partida orekatu zuen (10-11). Partidako bigarren zatian, hasierako oreka hautsi zen. Lehen tantoak lehiatuak izan baziren ere, partida luzatu ahala, opariak iristen hasi ziren. Huts egiten lehenak gerriko gorridunak izan ziren, eta Irujok ez zuen barkatu (14-19). Norgehiagoka erabakitzeko bidean zegoenean Irujok huts pare bat egin zituen. Iberokoaren hutsek Ruiz esnatu zuten eta bere astinduek emozioa bueltarazi zuten pilotalekura (18-19). Azken tantoetan urdinek agintea berreskuratu, eta Asegarcekoen susperraldia zapuztu zuten. Bukaeran Leiza ezkutatu egin zen, eta Irujok errematea bilatu zuen. Ausardiak kontrarioaren zalantzak irentsi zituen, eta partida erabaki zuen.

Jaialdiko lehen partida bertan behera gelditu zen, 1-0koarekin Errastik min hartu baitzuen. Bere ordez enpresek Saralegi eta Del Reyren arteko lau t’erdiko partida antolatu zuten. Saralegik garaipen batekin ospatu zuen sinatu berri duen hiru urteko kontratu luzapena (18-5).

Apeztegiak jokatuko du gaur Pascualen ordez Gaur arratsaldez San Mateoetako Torneoko lehen multzoko bigarren partida jokatuko da (19:00). Olaizola II.ak eta Otxandorenak, Xala eta Apeztegiaren aurka jokatuko dute Adarraga pilotalekuan.

Iturengo atzelariak Iñigo Pascualen tokia beteko du. Abartzuzakoak eskua mindu zuen Olaizola I.a eta Belokiren aurkako partidaren aurretik eta gaur ezinezkoa zuen jokatzea. Pascualek esku ahurra moztu zuen labana batekin takoak jartzen ari zenean. Zauria sakona da eta ez zaio garaiz sendatu. . Apeztegiak aurtengo udako lehen torneoa jokatuko du Logroñon. Aurreko torneoetan Aspeko koadroko laugarren atzelariaren tokia Eulatek bete badu ere, oraingoan enpresak Apeztegiari eman dio jokatzeko aukera. Iturengoa ez da batere erregular ibili uda honetan, eta gaur bere ahala erakusteko aukera izango du.Aukera pozoitua jaso du baina, aurrean bikote oso gogorra izango baitu. Olaizola II.a udako pilotari onena izan da, eta Otxandorenaren eskuek piloteoari eusten badiote torneoa irabazteko faborito nagusiak dira. Aurten Sanferminetako torneoa irabazi zuten.

LEIZA-RUIZ 18

IRUJO-LASA 22

Iraupena: Partidarena 67 minutu; jokoarena 40 minutu.

Pilotakadak: 690.

Saketik: Irujok 3; Leizak 1.

Markagailua: 0-3, 4-4, 5-8, 7-11, 10-11, 10-15, 11-15, 14-19, 16-19, 18-20 eta 18-22.

Bestelakoa: Binakako Sanmateoetako Torneoko partida. Logroñoko Adarraga pilotalekuko harmailak ez ziren guzti bete. Apustuetako dirua gorrien alde irten zen, 100-70i. Jaialdiko lehen partidan Jokin Errastik, min hartuta, partida bertan behera utzi behar izan zuen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE