Aurrera jarraitzen du XII. Berria Txapelketak, eta asteburu honetan maila handiko jaialdia ikusi ahal izan da Amezketako Larrunarri pilotalekuan. Bertako Zazpi Iturri pilota elkarteak eta Uhartek larunbat arratsaldez neurtu zituzten indarrak, eta etxekoek 3-0 irabazi zuten lehia. Harmailetan giro aparta zela, pilotariek maila handia eman zuten, eta etxekoek gazte mailan tanto batez irabazi izanak bideratu zien garaipena Xalton Zabalaren mutilei. Hala, Gipuzkoako pilotak indartsu jarraitzen du, Andoaingo Gaztelekuk eta Usurbilgo Pagazpek bezala, Zazpi Iturrik ere final-laurdenetarako txartela lortu baitu.
KADETEAK. URIZ-ELIZALDE (UHARTE) 1
ALBERDI-ZUBELDIA (ZAZPI ITURRI) 22
Emaitzak berak agerian uzten duen moduan, zer kontatu gutxi utzi zuen jaialdiko lehen partidak, kadeteenak. Zazpi Iturriko bikoteak erakutsi zuen lehen tantotik koska bat edo bi gorago zegoela, eta aise irabazi zuen. Nabarmentzekoa da Alberdik 15 tanto lortu zituela, horietatik 13 sakearen bidez, eta txanponaren beste aldean Elizalde egon zela, 7 pilota galdu baitzituen. Urizek zein Zubeldiak apenas hartu zuten parte jokoan. Zazpi Iturrik ia izerdirik bota gabe eskuratu zuen lehen puntua.
GAZTEAK. LASO-MARTIJA (UHARTE) 21
ZUBIZARRETA-ERAUSKIN (ZAZPI ITURRI) 22
Jaialdiko bigarren partida onena izan zen inolako zalantzarik gabe. Lau pilotariek maila izugarria erakutsi zuten, eta emoziorik ere falta izan ez zenez, harmailetan bildutako pilotazaleek arrunt ongi pasatu zuten. Neurketak hasiera orekatua izan zuen, besteak beste, 6na, 8na, 10na eta 11na berdin egon baitziren. Lan erdiak bitarte berdintasuna izan zen nagusi. Ordura arteko jardunean Martijak eta Erauskinek sendotasun handia erakutsi zuten, eta bi aurrelariek tanto ederrak egin zituzten. Ikuskizuna eskaini zuten. Lasok 8-6koa ezkerrez airez atzera jotako pilotakada bikain batekin lortu zuen. Zubizarretak 8nakoan egindako horma bikoak ere aho zabalik utzi zuen bat baino gehiago.
Lan erdietatik aurrera Uharteko bikotea indartsuagoa izan zen, eta 18-11 aurreratu zen markagailuan. Horregatik, pentsatzekoa zen bigarren puntua nafarren aldera eroriko zela. Baina ez. Gipuzkoarrek garaiz erreakzionatu zuten, Erauskin pilota baztertzen hasi zen eta Zubizarreta aurrean Lasori gain hartzen. Hala, 21na berdindu zuten partida. Azken tantoan nafarrek huts egin zuten eta kanporaketa erabakita utzi zuen Zazpi Iturrik 22-21koari esker.
NAGUSIAK. GARRALDA-LINZOAIN (UHARTE) 14
PERU LABAKA-EROSTARBE (ZAZPI ITURRI) 22
Jaialdiko hirugarren partida hasterako dena erabakita zegoen, baina halere, lau pilotariek partida ona eskaini zuten. Akaso intentsitate apur bat falta izan zen, baina kalitatea ez. Neurketa orekatua hasi zen lehen tantoetan, 4na berdin egon baitziren, baina hortik aurrera etxekoak indartsuago agertu ziren. Horregatik 14-5 hartu zuten aurrea Peru Labakak eta Erostarbek. Azken hori nagusi izan zen piloteoan, gainera oso seguru jokatu zuen, apenas hutsik egin gabe, eta Labakak ez zuen barkatu aurreko koadroetan. Azken txanpan Linzoainek motorrak berotu zituen, eta horrekin batera Garraldak gora egin zuen. Dena den, aldea handia zen, eta gipuzkoarrak nahiko erraz nagusitu ziren.
Gauzak hala, Zazpi Iturrik distiraz josita lortu du final-laurdenetara igarotzea, eta orain Usurbilgo Pagazperen aurka neurtu beharko ditu indarrak. Kanporaketa hau ere orekatua eta kalitatez josia aurreikusten da.