Zearra: «Final-laurdenetan jarraian bi urtez egotea saria da niretzat»

Olaizola II.a txapela eskuratzeko faboritoetako bat da, eta berak izango du presio handien
Unai ARTETXE/Gara

Oier Zearrak eta Aimar Olaizolak datorren igandean dute hitzordua Buruz Buruko Txapelketarekin. Biak Atano III.a Donostiako pilotalekuan izan ziren atzo,final-laurdeneko neurketarako pilotak aukeratzen. Ez zen arazorik izan, nahiz eta bi pilotariek gehienezko ordu laurdena behar izan zuten sorta hautatzeko.

Zearrak hauxe izango du aurtengo txapelketako bigarren partida. Orain dela hiru aste, Iñigo Pascual kanporatu zuen final-zortzirenetan, uste baino gehiago sufrituta. Atzelari bizkaitarrari gauzak ez zitzaizkion nahi bezain ongi irten, eta Olaizola II.aren aurka kendu nahiko du orduan geratu zitzaion zapore garratza. Dena dela, Zearrak argi du lan handia egin beharko duela goizuetarrari irabazi ahal izateko.

«Partida gogorra izango da. Aimar txapela lortzeko faboritoetako bat da Irujorekin eta Xalarekin batera. Niretzat saria da bigarren urtez jarraian final-laurdenetan Aimarren aurka jokatzea, baina horrek ez du esan nahi aukerarik ez dudanik, eta ditudan guztiak agortzen saiatuko naiz», azaldu zuen Zearrak.

Fisikoki arazorik ez duela adierazi zuen galdakoztarrak: «Ondo nago, igandea heltzeko gogoarekin. Prestakuntza ona izan da; azkenengo partidatik hiru aste eduki ditut, eta uste dut ongi etorri zaizkidala. Ea igandean partida on bat egiterik daukagun».

Orain arte bi neurketa jokatu dituzte buruz buru. 2000. urtean bizkaitarrak 22-2 jipoitu zuen nafarra, baina iaz Olaizola II.ak ez zuen gupidarik izan, eta 22-9 gailendu zen Astelenan.

Igandean, beraz, bietako batek hartuko du aurrea. Pilotazaleen ustez, Asegarceko aurrelaria izango da faborito. Gertatzen dena gertatzen dela, Zearra gustura geratuko da: «Zortzi onenen artean mantentzea sari handia da. Ni ahaleginduko naiz gauzak ondo egiten, eta ea garaipena eskura- tzeko modurik dudan».

A eta B multzoetako finalerdia erabakita dago. Zearraren iritziz, Martínez de Irujo izango da faborito, «txapeldunen kasta du-eta», nahiz eta «Ruizek orain arte egin duen txapelketa handia kontuan hartzekoa den».

Pilotei dagokienez, Zearrak 102,5 eta 104,4 gramokoak hautatu zituen.

Aimar Olaizolak, berriz, gora egin du azken hilabetean. «Binakako Txapelketa eskuetatik justu bukatu nuen, eta konfiantza hartzea kostatu zitzaidan, baina ondo errekuperatu naiz. Eskuineko kolpea hobetu dut gehienbat. Entrenamendu eta partidetan nabaritu dut eskuinez pilota erraz mugitzen dudala, txisparekin, fresko, eta hori inportantea da buruz buru», azaldu zuen.

Igandeako neurketa gogorra izango omen da. «Oier ohituta dago atzetik pilotan aritzera; altura oso ongi hartzen du; bi esku oso onak ditu… Nik uste dut partida gogorra izango dela. Saiatuko naiz, aukera baldin badut, aurrean jokatzen», esan zuen.

Olaizola II.ak bereizitako pilota biak oso bestelakoak dira. Mugitzeko Zearrarenak baino zailagoak; 105,1 eta 104,6 gramo pisatu zuten.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE