Berria
Zeberio II.a eta Lizaso izan ziren onenak atzo Galarretako jaialdiko bi estelarretan. Biak ala biak nahierara aritu ziren eta aise irabazi zituzten euren partidak. Zeberio II.a Aizpururekin batera aritu zen hirugarren partidan. Altuna I.a eta Eizagirre zituzten aurkari. Lehia itxia espero zen, baina ez zen hala izan. Zeberiok lehen puntutik erakutsi zuen ez zegoela ezer oparitzeko prest. Aizpururen laguntza txukunarekin aise irabazi zuten: 40-27.
Jaialdiko bigarren partidan ere antzeko zerbait gertatu zen. Bitoriak eta Lizasok erraz hartu zituzten mendean Altuna II.a eta Urrutia (40-25). Lizasok joko erakustaldia eman zuen, eta ezin hobeto baliatu zuen Urrutiak atzo egindako partida eskasa. Ezkurra bihar itzuliko da frontoietara, min hartuta egon ondoren.