Zeberio II.a-Urrutiak erraz irabazi zuten atzo Galarretan

Juaristi-Lizaso euren mailaz azpitik aritu ziren estreinakoan (20-40)

Berria

Espero zena baino partida kaskarragoa irten zen atzo arratsaldean Hernaniko Galarreta frontoian jokatutakoa. Faustino Torneoko hirugarrena norgehia- goka jokatu zuten bertan Juaristi-Lizasok eta Zeberio II.a-Urrutiak. Estreinako partida zuten lehenengoek, eta bigarrena bigarrenak. Punturik lortu gabe ekin diote txapelketari Juaristi-Lizasok, eta lortu dute aurrenekoa Zeberio II.a-Urrutiak.

Lizaso zen atzo bere bikotean heltzetik babak atera behar zituena, baina ez zuen dakienik jokatu. Urrutia gazteak menpean izan zuen uneoro, sakearekin kontrarioak baino gehiago asmatu zuen, eta erasoan ere tanto mordoa egin zuen. Aurreko koadroetan koska handi samarra zegoela jakina zen lehendik, baina Juaristik ere ez zuen bestetan adina jokatu, salduta aritu zelako askotan, eta txapelketaren erantzukizunak pisu dezentekoa izaten duelako horrelakoetan. Zeberiok ongi baliatu zituen aurreko koadroetan hilda gelditutako pilotak, eta ez zuen batere arazorik izan partida aurrera ateratzeko. Euren multzoko lehen postuan jarri dira atzo lortutako garaipen horri esker.Faustino Torneoko laugarren partida gaur jokatuko da Uharteko Euskalen. Ezkurra txapelduna eta Badiola arituko dira batetik, eta Bitoria eta Eizagirre bestetik. Txapelketako euren lehen partida da Ezkurra-Badiolarentzat, eta kontrarioek jokatu dute jada bat Altuna I.a-Iriarteren kontra jokatu eta galdu zutena joan den larunbatean (32-40). Hasiberri guztiek jokatu dute euren lehenengo partida, eta Badiola azpeitiarraren txanda izango da gaur, Xabierko Frantzisko Deunaren egunean.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE