2 talde naparrak jokatu dute Andoaingo Udal pilotalekuan Burlatako Zugarralde eta Berako Bortziriak taldeek, eta lehenak nagusitu dira, 2-1eko emaitzarekin. Ondorengoak izan dira emaitzak.
BORTZIRIAK 1 ZUGARRALDE 2
K. Telletxea-Txoperena 21; Villanueva-Lerga 22.
G. Ordoki-Ariztegi 6; Mugiro-Agirre 22.
N. Mitxelena-Martinez 22; Alduntzin-Azanza 12.
Jaialdia hasi baino lehen, aurreikusten zen kadeteen arteko partida erabakigarria gerta zitekeela, eta halaxe izan zen. Neurketa orekatua eta gogorra jokatu zuten Bortziriak eta Zugarraldeko kadeteek. Telletxea beratarrak min handia egin zuen sakearekin, eta tanto ugari lortu zituen era horretan. Piloteoan gehiago izan ziren Zugarraldekoak, batez ere Lerga atzelariaren kolpeari esker. Neurketa berdindua joan zen, baina 21-19 aurreratu ziren Berakoak. Partida eskuan zutenean ordea, kale egin zuten, eta Zugarraldek eskuratu zuen garaipena 21-22.
Porrot horren ondorioz, gazte mailan lan ona egin beharra zeukan Bortziriak taldeak, eta ez zuen hala egin. Zugarraldek etxean utzi zituen pilotari onenak, baina halere Mugirok eta Agirrek lan bikaina egin zuten. Maila handiko pilotariak direla azaldu zuten. Hasi eta buka, gehiago izan ziren, eta Mugiro izan zen protagonista. Fin aritu zen errematean, eta hark jaso zituen txalo gehienak.
Hala, Zugarraldek aski zuen nagusien mailan lau tanto egitea hurrengo fasera igarotzeko. Partidak hasiera orekatua izan zuen, eta Alduntzin eta Azanzak berehala bete zuten helburua. Hori bai, partida erditik aurrera behera egin zuten, eta Mitxelenak eta Martinezek ez zuten kale egin. Aurrelaria fin aritu zen esker airearekin, defentsan ere lan aparta egin zuen, eta Martinezek zur eta lur utzi zuen bat baino gehiago, haren ezker bolearekin. Nagusien mailan irabazi arren, Bortziriak kanpoan geratu da.
Hala, Zugarraldek final-zortzirenetan Oberena izango du aurkari. Derbi galanta izango da.